1909 Ondarreta

Hemen hasi zen dena. Ondarretako zelaian, Kantauri itsasoari begira, jokatu zituen lehen norgehiagokak Realak eta bertan lortu zuen lehen titulua: 1909ko Errege Kopa.

Ondarreta

1928 Santanderreko finalak

Hiru partida jokatu behar izan ziren Errege Kopako txapelduna erabakitzeko. Bartzelonaren aurkako Santanderreko final hirukoitza betirako iltzatu zaigu gogoan Rafael Albertiren poemari (Oda a Platko) eta Gabriel Celayaren erreplikari esker (Contraoda del poeta de la Real Sociedad).

Santander

1929 Paco Bienzobas, lehen Ligako goleatzaile nagusi

Reala izan zen lehen Liga txapelketako sortzaileetako bat. Laugarren geratu zen eta Paco Bienzobas txuri-urdinak, 17 golekin, lortu zuen Ligako lehen goleatzaile nagusi izatea. 1981ean, Realak lehen liga irabazi zuela jakin eta biharamunean hil zen Bienzobas.

Bienzobas

1931 Gol aldeagatik ihesi egindako liga

Txapelketaren zati nagusiena buruan eman zuen Realak, baina azkenean Bilboko Athletic eta Santanderreko Racing taldeekin batera berdindu zuen. Harry Lowe entrenatzaile zuen Reala hirugarren geratu zen gol aldeagatik.

Racing

1951 Chamartin (Bernabeu), Kopako finala

Benito Díaz entrenatzaile zela eta Valentzia txapeldun egitea lortu zuten hainbat jokalari errekuperatu ondoren (Eizaguirre, Igoa eta Epi), Kopa bikaina egin zuen talde txuri-urdinak: finalerdietan gol asko sartu zizkion Real Madrili eta Bartzelonaren aurka galdu zuen Chamartin berrian, egungo Santiago Bernabeu futbol zelaian. Hiru jokalari haiek erretenitzeko aukera izan balu, Realaren palmaresa handiagoa litzateke.

Chamartin

1967 Puertollano, zerura bidean

Behin baino gehiagotan erori da Reala, baina klubaren ezaugarri nagusiena da beti indartsuago altxatzen dela. Calvo Soteloren aurkako Puertollanoko (Ciudad Real) igoerak hasiera eman zion urrezko garaiari.

Puertollano

1976 Ikurrina Atotxan

Franco diktadorearen heriotza baino urtebete geroago, 1976ko abenduaren 5ean, oraindik legez kanpo zegoen ikurrinarekin egin zuten salto Realeko (Inazio Kortabarria) eta Athletic-eko (Jose Angel Iribar) kapitainek. Gazteluren omenezko partida hura, ikurrina izatez legezko bihurtu zuena, 5-0 emaitzarekin amaitu zen txuri-urdinen alde. Talde txapelduna bidean zen.

Ikurriña

1979 Milango Interren aurkako kanporaketa

San Siro-n 3-0 galdu ondoren, Milango Interren kontrako kanporaketari Atotxan buelta ematen saiatu zen Reala. Partida bikaina jokatu bazuen ere, 2-0 irabazi eta helburutik gertu geratu zen taldea. Bertan egon ziren askoren iritziz hura omen da Atotxan inoiz jokatutako norgehiagokarik onena. Bere burua ezagutzera ematen hasia zen Reala Europan.

Inter

1980 Partidarik galdu gabeko marka

1980ko maiatzaren 11n Realak Europako liga handietako partidarik galdu gabeko marka lortu zuen Sevillako Sánchez Pizjuán zelaian, Europa mailan Arrigo Sacchi-ren Milanek soilik gainditu duena. Espainiako ligan inork ez du Realaren marka puskatzerik izan: denboraldi berean jarraian 32 jardunaldi galdu gabe. 1980ko maiatzean Sevillan jasandako porrota etsigarria izan zen, merezitako liga tituluari agur esan baitzion Realak.

Ondarreta

1981 Xixon, liga txapeldunak

"Olaizolak baloia eman Alonsori, Alonsoren erdiraketa, Castrok salto egin eta ukabilez urrundu, Gorrizengana iritsi da baloia, Gorrizen jaurtiketa! Adi, Zamorak du pilota, jo eta… goooola! Sinestezina jaun-andereok!". Itsatsita dugu oraindik Joxean Alkorta zenaren kontakizuna. 1980ko maiatzean liga galdu eta urtebetera, lehen liga txapelketa lortu zuen Realak. Azken minutuan.

El Molinón

1982 Atotxa, bigarren liga

Bilboko bizilagunen aurka ligako azken partida etxean. Bigarren zatian Zamorak eta Lopez Ufartek sartutako golei esker garaipena lortu zuen Realak. Pozez txoratzen Atotxa eta Gipuzkoa osoa: txapeldun bikoitzak gara.

Atotxa

1983 Hamburgo, Europako Kopako finalerdiak

Inoiz ez da Reala hain urruti iritsi. Kluben arteko lehiaketa nagusian, finalerdietara iritsi zen Reala. Bidean geratu ziren Reykjavik-eko Víkingur, Glasgow-ko Celtic eta Portugalgo Sporting. Etxean berdindu ondoren, Alemanian galdu zuen Hamburguer SV taldeak jokoz kanpo sartutako gol bati esker. Txapeldun izan ziren alemaniarrak, Atenasen Juventus mendean hartu ondoren.

Hamburguer

1987 Zaragoza, Errege Kopa

Penaltietan. Bero izugarria egin zuen arratsalde hartan, Zaragozan, Luis Arconada atezain eta kapitain handiak penalti erabakigarria gelditu zion Quique Ramosi eta Realak bigarren kopa titulua irabazi zuen Madrilgo Atletico taldearen aurka. Penaltietara iritsi aurretik, madrildarrek berdindu egin zituzten Lopez Ufartek eta Begiristainek sartutako golak.

Arconada en La Romareda

1998 Madril, Aitor Zabaletaren erailketa

Gure historiako egunik ilunena da 1998ko abenduaren 8a. Atletico Madrilen aurka UEFA txapelketako final zortzirenetako itzuliko partida ikustera zihoala neskalagunarekin batera, Vicente Calderon futbol zelai inguruan erail zuten Aitor Zabaleta. Partida jokatu egin zen eta oraindik ere Madrilgo talde honen zalegoaren zati batek haren oroimena mespretxatzen du. Aitor beti gogoan.

Aitor Zabaleta

2003 Anoeta, ia hirugarren liga

Partida gogoangarria Anoetan. Raynald Denoueix-ek zuzendutako taldeak, galaktikoen Real Madrilen aurka nor baino nor ari zena, 4-2 garaitu zuen talde zuria Kovacevic (2), Nihat eta Xabi Alonsoren golei esker. Azkenaurreko jardunaldira arte esku-eskura izan zuen hirugarren liga, baina etxetik 800 kilometrora, 10.000 zale txuri-urdinen aurrean, Vigon galdu zuen partida erabakiorra.

4-2 al Madrid en Anoeta

2004 Nesken taldea sortu zen

Mailarik apalenean hasi zen nesken taldea eta bi urte behar izan zituen goi mailara iristeko. Urtetik urtera Reala talde sendoagoa osatzen ari da eta goiko taldeen artean ari da sartzen pixkanaka.

Zubieta

2010 Mendeurrenaren igoera

Hirugarren urtea jarraian Bigarren Mailan. Klubaren mendeurrena ospatzen den denboraldia. Ondorengo urteetan Lehen Mailan arituko den ekipoaren oinarria izango diren jokalariz osatutako taldea gidatu zuen Martin Lasartek eta ia igoera matematikoa lortu Cadizen, Carranzan. Urte horretan bertan hasi zen Realaren egoera ekonomikoa hobetzen; izan ere, hartzekodunen konkurtsoan erori zen Lehen Mailako azken denboraldietako kudeaketaren ondorioz. Igoerako ospakizunetan, Lasartek ezaguna bihurtu den esaldia bota zuen, “no se desunan” (“Ez bereizi!”): “Zalego eta klub honekin, denak batera eginez benetako helburu komun eta zehatzaren bila, hiri honek ez du mugarik”.

Ascenso 2010

2013 Lyon eta Manchester, Europatik barreneko kalejira

Philippe Montanier-ek zuzendutako taldeak egindako denboraldi izugarri baten ondoren, Realak atariko fasea gainditzea lortu zuen Lyongo Gerland estadioan Antoine Griezmann-ek sartutako gol ikaragarriarekin, 4.000 zale txuri-urdinen aurrean. Ondorengo partehartzea etsigarria izan bazen ere, zalegoaren babesa eredugarria izan zen; une gorena, Manchesterreko kalejira: Piccadilly plazatik 5.000 lagun joan baitziren Old Trafford zelaira, bertan beste 2.000 zale zai zituztela.

Gol Griezmann Gerland

Kalejira en Manchester

Zubieta, oraina eta etorkizuna

Realaren harribitxi handiena da Zubieta. Klubeko etorkizuneko jokalarien entrenamendu eta prestakuntza gunea. Bertan egindako lanari esker, liga handienetako kluben artean Reala da lehen taldean harrobiko jokalari gehien dituen ekipoa.

Zubieta

Futbola baino askoz ere gehiago

Futbolaz gain, hainbat atal ditu Realak: atletismoa, hockey-a, euskal pilota eta urpekariak. Ehundik gora urterekin, atletismo atala da zaharrena eta nesken belar-hockey ekipoa da arrakastatsuena, hainbat aldiz txapeldun izana baita. Atxurrak gora!.

Cid

Atxurrak gora

Kultura, ez kirola bakarrik

Reala ez da futbola edo kirola bakarrik. Eremu horretatik kanpo, kultur arloan egindako ekarpena anitza da. Eduardo Txillida, nazioarte mailan dagoen euskal eskultorerik handienetakoa, atezaina izan zen 1940-41 denboraldian: “Gero eskulturan erabili ditudan hainbat gauza ikasi nituen futbolean”. Elias Kerejeta, espainiar zinemaren hainbat film gogoangarrien ekoizlea, Realeko jokalari izan zen (41 partida, 6 gol). Hainbat taldekide konbentzitu zituen Laponia Films izeneko ekoiztetxea sortzeko garaian eta, adibidez, Viridiana maisulana ekoitzi zuten.

Chillida

Viridiana

logo Maite Taldea & Realsocialismo! & +